Bizkaian modernotasuna, bizi-kalitatea, natura eta tradizioa nagusi dira. Lurralde paregabea da: 2.200 km2-ko azaleran, hots, Luxenburgon dagoenaren antzekoan, modernotasunaren ikonoak (Bilboko Guggenheim Museoa), hondartzak eta mendiak batera ditu, ingurune natural paregabean; baita kultura eta kirol bizitza oso aktiboa eta munduan nabarmentzen diren tradizioak ere.

Bizkaian modernotasuna nagusi da, eta instalazio garrantzitsuak ditu:

Bilboko Guggenheim Museoa

El Bilboko Guggenheim Museoa Frank Gehry arkitektoak diseinatu zuen, eta XX. mendeko arkitekturarik abangoardistenaren adibide ederra da. Guztira, 24.000 m2-ko azalera du, horietatik, 9.000 m2, erakusketetarako da. Eraikina zedarri arkitektonikoa da, bere konfigurazio ausart eta diseinu berritzailearengatik. Bertan erakusten duen arterako atze-oihal erakargarria osatzen du.

Oro har, Gehryren diseinuak egitura eskultoriko ikusgarria sortu du, eta primeran integratuta dago Bilboko hiri-bilbean eta bere inguruan.

Euskalduna Jauregia

Euskalduna Jauregia – Palacio Euskalduna S.A. foru sozietatea da, eta titularra Bizkaiko Foru Aldundia da.

Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek etengabe eraikitzen ari den nabe gisa sortu zuten, eta Euskalduna ontziola kokatuta egon zen kai-muturrean dago. Jauregiak Enric Miralles saria irabazi zuen 2001ean, Espainiako Arkitekturaren VI. Bienalean.

Funtzio anitzeko 58.200 m2-ko gunea da, Bilbo erdian kokatuta dago eta aireportuarekin oso ondo lotuta dago.

Ekonomia, enpresa, ikasketa, politika, erakunde, gizarte eta kultura arloko hainbat jarduera antolatzen ditu.

Bilbao Exhibition Centre (BEC)

Bilbao Exhibition Centre (BEC) munduko azoka esparrurik modernoenetako bat da, bere diseinuarengatik eta ekipamenduarengatik.

Ez du ez hesirik, eta oztoporik, eta batez beste 18 metro garai da. BEC-en erakusketa-azalera 150.000 metro koadrokoa da, eta zutaberik gabeko 6 pabiloitan banatuta dago. Zutaberik ez duenez, standak erraz muntatu eta desmuntatu daitezke.

Horrez gain, beste eremu handi batzuk ere baditu, hala nola BIZKAIA ARENA erabilera anitzeko pabiloia, 20.000 pertsona har ditzakeena, eta BEC CONVENCIONESbiltzar zentroa, 18.000 metro koadrokoa. Horrez gain, 4.000 ibilgailuetarako aparkalekua du.

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroa da. Bertako zein nazioarteko begirada du, eta edozein publikorekin aritzeko aukera ematen du.

Kultura-proiektu hau, hiriko antzinako ardo eta olio biltegian kokatuta dago, eta XX. mendearen hasierako eraikin modernista da. Kanpoko klasizismoaren eta barruko hiriko habitataren artean alde handia dago, izan ere, soila eta originala da, Philippe Starck frantziarrak diseinatutakoa. Azkuna Zentroak gizartea eta kultura garaikidea lotzen ditu, sei programazio-lerroren bidez: arte garaikidea, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitala eta literatura.

Landako Gunea

Landako Gunea esparru garbia da, zutaberik gabekoa, modernoa eta erabilera anitzekoa. Instalazio modernoak ditu, aparkaleku zaindua eta hainbat zerbitzu, edozein ekitaldi ospatzeko. Guztira 4.200 m2 ditu, eta urtero, besteak beste, azokak, kultura eta musika jaialdiak (horien artean, Durangoko euskal liburu eta disko azoka nabarmentzen da), erakusketak eta kontzertuak izaten dira bertan. Bestalde, urtero 50.000 bisitari baino gehiago etortzen dira.

Hori guztia kokapen pribilegiatu batean: Durangon (Durangaldeko eskualdean).

Hor, ez dago interes handiko ondare historiko-monumentala bakarrik; paisaia eta natura edertasun paregabea ere badago, esaterako, Urkiolako Parke Naturala.

Bizkaiko ikonoak kirolaren esparruan

Bizkaiak nazioartean eragina duten kirol-ekitaldien estaldura errazten duen azpiegitura du. San Mames estadioa, Bizkaia pilotalekua eta Bilbao Arena bezalako espazioetan kirol ikuskizun handiak ospatzen dira.

San Mames futbol-zelaia

San Mames futbol-zelai zaharra -ehun urte baino gehiago dituen Athletic club taldeak hor jokatzen du- zalantza barik, maila goreneko erreferentzia bat zen futbolaren munduan. Nazioarteko mailan mitikotzat hartutako zelaietako bat zen, eta hortik dator historikoki ezagun egin duen izena: Katedrala.

1913. urtean inauguratu zen eta, 100 urte beranduago, leku berean, kokatzen da egungo estadio berria. Zela berriak erronka bat hartu zuen bere gain: San Mameseko antzinako tradizioak, giroa, errespetua eta grina igortzea. Horrez gain, zelai moderno, irisgarri eta eroso bihurtu zen, aro berriei egokitutakoa.

53.331 ikuslerentzako edukiera izanik, estandar estuenen arabera diseinatu da, UEFA erakundearen arabera Elite Kategoriatik eratorritakoei jarraiki. 2015. urtean munduko kirol eraikinik onenaren saria jaso zuen World Architecture Festival jaialdian, eta 2017an Venue of the Year saria, World Football Summit ekitaldian. 2018an Challenge Cup eta Champions Cup finalak jokatu ziren, Europako taldekako errugbi txapelketarik garrantzitsuenak direnak. UEFA erakundeak San Mames aukeratu du 2021eko Eurokopako 12 zelaietako bat izateko.

Bizkaia frontoia

Bizkaia frontoiaren eraikina bolumen handia da, soil eta zorrotza, eta horrek, euskal pilotaren gunearen handitasuna indartu egiten du. Emaitza monolito beltz handia da, Bilboko hiri inguruko paisaian leku garrantzitsua dena. Barrualdeko espazioa espazio ireki eta konektatua da; bertan igarobideen espazioa murrizten eta egonaldiko eremua handitzen saiatu da. Eraikuntza ikusleari begira pentsatu da, harentzat esperientzia bat izan dadin, eta ez bakarrik kirol ikuskizun bat.

Etortzen dena barruko eremu porotsu batetik ibiliko da. Ia ez du banaketarik, baina egongela desberdinak banatzea lortzen du. Eraikinaren kanpoko soiltasuna eta barruko konplexutasun geometrikoa oso bestelakoak dira, izan ere, kanpoaldean, harmailak osatzen dituzten plano inklinatuak daude; barrualdean, berriz, koloreari eta argi naturalari lehentasuna ematen zaie.

Bilbao Arena Kirol Jauregia

Bilbao Arena Kirol Jauregiak 30.808 metro koadroko azalera du, eta alde batetik, kiroldegia du (igerilekua eta gimnasioak ditu), Miribillako auzokoentzat (Bilbo), eta bestetik, jokalekua, aldi berean hiru ekitaldi har ditzakeena.

Erdiko kantxan Bilbao Basket taldearen partidak jokatzen dira. Guztira 8.500 eserleku daude, Bizkaiko saskibaloi-taldeak behar ez duenean, edozein ikuskizun antolatzeko.

Miribilako Bilbao Arenak bat egiten du bere inguruarekin, eta, horretarako, inguruan duen natura eredu hartu duten materialak erabili dituzte eraikuntzan. Hala, instalazioek dituzten harrizko osagaiek 1995ean itxi zuten meategi zaharrean zegoen harria kopiatzen dute, eta eraikin osoari eusten dioten bermalekuek eta kanpoko apaingarriek Bilboko auzo horretako zuhaiztiak irudikatzen dituzte.

Turismoa Bizkaian

Turismoak mundu mailan oso adierazgarriak diren elementuak ditu Lurraldean. Bizkaiko ikono turistiko batzuek, hala nola Gaztelugatxeko San Joanek, Urdaibaiko padurek edo Gorbeiak, harritu egiten dituzte lehen aldiz bisitatzen dituzten pertsonak.

Gaztelugatxe

Gaztelugatxe derrigorrez bisitatu beharreko tokia da Bizkaitik igarotzen bazara. Uhartea txikia bada ere, ikusgarria da. Bilbotik 35 km-ra dago ekialderantz, kostaldeko Bermeo herrian. Irlatxoak kono forma du, eta tokirik goienean, itsas mailatik 150 metrora, San Joan bataiatzailearen omeneko ermita soila dago. Teoria bi daude bere izenaren inguruan: alde batetik, "gaztelu" eta "aitz (haitz)" hitzez osatuta dagoela dioena (gazteluko haitza), eta bestetik, "gaztelu" eta "gache (gaitz)" hitzez osatuta dagoela dioena.

Leku paregabea da munduan. Itsaslabar, uharte eta hondartza basatiez inguratuta dago, Bakio eta Bermeo artean kokatuta, Urdaibai biosfera erreserbaren ondoan. Egun berean Bakio, Bermeo eta Mundaka herrien artean dagoen kostalde tartea bisitatzeko aukera ematen du.

Urdaibaiko padurak

Urdaibaiko padurak Euskadiko hezegunerik garrantzitsuenak bihurtu dira, bai tamainarengatik, bai habitaten aniztasunarengatik. Horrez gain, hegazti migratzaileen atseden leku garrantzitsua ere bada.

UNESCOk biosfera erreserba izendatu zuen 1984. urtean. Biosferako fauna eta flora oso aberatsak dira, izan ere, toki berean oso bestelako espezie asko bizi dira: besteak beste, pauma, koartza edo ahate eskandinaviarra ikus daitezke Urdaibai Bird Center zentrotik. Eremu horretatik igarotzen diren hegazti migratzaileen museo bizia da. Ekologiak, ornitologiak, historiak eta arteak beste atal bat merezi dute Urdaibain.

Hegaztientzako babes bereziko eremutzat (HBBE) hartzen da Urdaibai 1994. urtetik, eta Natura 2000 Sarearen barruan dago.

Urdaibai, euskaraz, "ur" eta "ibai" hitzez osatuta dago, eta Oka ibaiaren bokalean berez sortu den paradisua da. Guztira 230 kilometro koadro ditu. Kostaldearen edertasunaz gain, barnealdean Kortezubiko mendi-paisaia basatiaz goza daiteke. Bestalde, Kristo aurretik duela 13.000 urte Santimamiñe kobako biztanleek utzi zituzten aztarnak ikusteko aukera ere badago.

Urdaibain hainbat kirol jarduera egin daitezke, hala nola, mendi-ibiliak, mendi-ibilaldiak bizikletaz, itsasotik, kayakez edo birding.

Gorbeia mendia eta parke naturala

Gorbeia mendia Bizkaiko mendirik garaiena da, 1.482 m garai baita. Bizkaiko mendi tradizio handiaren, mendizaletasunaren eta ingurune naturalarekiko errespetuaren adierazlea da.

Gorbeiako parke naturalaren erdiko bistak, bere gurutze sinbolikoa, 17 m garai dena, eta sarbide desberdinak direla eta, Bizkaiko eta Arabako mugen artean dagoen mendi hau Bizkaiko mendizaletasunaren erabateko tradizioa da.

Gorbeiako mendigunea tokirik esanguratsuenetakoa da bizkaitarrentzat. Euskal mendien barruan egoteaz gain, Bizkaiko historiarekin hertsiki lotuta dago. Bost deiadar-mendietako bat da, eta hortik, Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia egiten zuten, sute eta adar-hotsen bidez.

Parke honen paisaiaren kalitatearen eta kultura eta afektibitate eraginaren ondorioz, hainbat jardueren gunea da. Horrela, besteak beste, mendi-ibiliak, mendizaletasuna, rappel, espeleologia, mendi-ibilbideak bizikletaz edo zaldiz egindako ibilbideak antolatzen dira. Erraz burutu daiteke ibilbidea, bide-sare zabala duelako seinaleztatuta. Bestalde, bi interpretazio-zentro ditu, bisitariei laguntzeko.